AZERI Natura Guztiontzat-ek ezin hobeto hasi du 2017. urtea ekintza ezberdin ugari eginez. Joëlette aulkiarekin egindako irteerak soilik zenbatuz, inoizko hilabeterik mugituena izan da, 8 pertsona ezberdin parte hartu baitute. Irteera guzti hauek bereziak izan dira, ilusioz beteak, eta batez ere naturan inklusioa sustatzea posiblea dela frogatu dute.

Irteera horietatik 4 Bilboko eta Bizkaiko mendi ezagunenetako batera izan dira, Pagasarri mendira. Irteera hauek Bilbao Kirolak-ek emandako dirulaguntzei esker egin dira eta hemendik gure esker onak eman nahi dizkiegu. Ekintza hauekin, mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonei Bilbo inguruko gune naturalak hurbildu dizkiegu. Bilbo eta Pagasarri irisgarriago bat lortzeko lanean dihardugu, pertsona guztientzako Pagasarri bat lortuz.

Bestalde, urteko lehen egunetan, Gaztelugatxeko Donienera hiru pertsona ezberdinekin irteerak izan genituen gure lur-orotarako aulkiak erabiliz. Berriz ere, frogatu dugu AZERI Natura Guztiontzat-ek Bizkaiko tokirik berezienak baina, aldi berean zenbait pertsonentzako ezagutzeko zailenak, irisgarri bihurtzen dituela. Oztopoak gaindituz sentipenak pizten ditugu.

Eta nola ez, azpimarratzekoa izan da Joëlette gurpildun aulkia erabiliz elurretan egindako lehen irteera. Ibilbide osoa elurretan egin genuen, aulkiaren gurpil bakarrari “etxeko” elur-kate bat lotuz. Iratiko basoa ezagutu eta Okabe mendiaren magaletatik ibilalditxo bat egin genuen. ETB 1-eko Gailurra telesaioko Andoni Aizpururekin eta bere lagunekin gurutzatu ginen eta hemendik gutxira pantaila txikiko saio eder honetan izango gaituzue. Eskerrak eman nahi dizkiegu telesaio hau posible egiten duten pertsona guztiei.

Baina batez ere, irteera berezi honen arrakasta Unai eta bere familiaren ilusioa, indarra eta konpromisoagatik izan zen. Hona hemen Mertxe, Unairen amaren testigantza.

Larunbatean, urtarrilaren 21ean egun zoragarria pasa genuen Okabe mendiaren inguruan.

Unai eta familia elurretan ibiltzen ausartu ginen, aukera paregabea izan zen natura neguan gozatzeko.

Urtero familia osoa elurretan eskiatzen eta paseatzen egon gara, baina gaur egun Unairen ezintasuna dela eta zailago egiten zaigu halako irteerak egitea. Oraingo honetan Azeri Natura taldeari esker aukera izan genuen denok mendira igotzeko. Unaik jöelette aulkitik neguko paisaia ederrarekin gozatu zuen. Eguraldia ezin hobea izan genuen, nahiz eta hotz egin eguskitsua eta haize gabekoa izan zen.

Bidearen hasiera erreza ematen zuen, elurra gogor zegoen eta familiakoek elurra zapalduz bidea zabaltzen joan ginen. Geroago, basoan, aldapa handiagoa eta estuagoa zen, elur geruza altuagoa, eta indarrak jada murriztuta kostata egiten genuen aurrera.

Denon indarrak batuz eta Azeriko mutilen ahaleginekin basoan murgiltzea lortu genuen.

Pagadi ederraz inguratuta egon ginen, azeri eta orkatzen oinatzak elurretan ikusi genituen, elurrak ematen duen argitasuna eta neguko zeruak daukan kolore urdin bizia dizfrutatu genituen.

Ez zen falta elur panpina eta gure arteko elur bolen borroka, hori algara hori !!!

Arratsaldean, itzultzean tenperatura behera egiten hasi zen, berriro ere Azeriko mutilen lanari esker lortu genuen aparkalekura ailegatzea arazorik gabe, bidea erraza izan ez arren.

Pasadizo hau ahaztezina denontzat, batez ere Unairentzat !!!

Eskerrik asko AZERI NATURA

egokitutako mendi irteerak